Euskadi, zientzia kuantikoaren abanguardian
Maiatza 07, 2024- Maiatzaren 6tik 10era bitartean, Quantum Matter nazioarteko konferentzia egingo da Kursaalen, eta hainbat herrialdetako 600 profesionalek baino gehiagok parte hartuko dute.
- Teknologia kuantikoen munduko aditu handienek aktiboki parte hartuko dute topaketan, etengabe garatzen ari den zientzia eta teknologiaren azken nobedadeak ezagutzera emateko.
- Eusko Jaurlaritzaren Basque Quantum estrategiari lotuta, Donostia International Physics Centerrek antolatutako topaketaren helburua da ideien trukea eta lankidetza sustatzea, eta Quantum hedapen betean dagoen teknologiaren aurrerapenetan sakontzea.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratzek Donostiako Kursaal Jauregian egingo den Quantum Matter 2024 nazioarteko konferentziaren inaugurazioan parte hartu du gaur goizean. Topaketa honen laugarren edizioaren helburua da informazioaren zientzian eta teknologietan eta materia kuantikoan diharduten komunitateak biltzea.
DIPCk (Donostia International Physics Center) antolatutako nazioarteko hitzordu honen helburu nagusietako bat da teknologia kuantikoen, material kuantiko emergenteen eta komunikazio kuantiko, detekzio eta simulazio kuantikoko protokoloen belaunaldi berrien abangoardian ideia eta lankidetza berriak txerta daitezen sustatzea.
Aurten 60 hizlarik eta 25 erakusketarik parte hartuko dute, nazioarteko aditu gailenen parte-hartzearekin, besteak beste: Ignacio Cirac, Max Planck Institute of Quantum Optics; Jay M. Gambetta, IBM; Amir Yacoby, Harvardeko Unibertsitatea; Michelle Simmons, New South Waleseko Unibertsitatea (Australia); Leo Kouwenhoven, Delfteko Unibertsitate Teknologikoa (Herbehereak); Artur Ekert, Oxfordeko Unibertsitatea, eta James S. Clarke, Intel.
Basque Quantum
Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratzek eman dio hasiera saioari. Bere hitzaldian, Bildarratzek teknologia kuantikoen disrupzioa nabarmendu du, gaur egun oraindik dimentsionatzen zaila den potentziala duena. Ikerketa kuantikoaren aldeko apustua Eusko Jaurlaritzaren datozen urteetarako politika zientifikoen aitzindari bihurtu da, BasQ –Basque Quantum– estrategian oinarrituta. Hezkuntza Saila buru dela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien lankidetzarekin eta IBMren parte-hartze estrategikoarekin, BasQ estrategiak Euskadi Europa hegoaldeko teknologia kuantikoen polo aurreratuena izatea du helburu. IBMren System One ordenagailu kuantiko berria, IBMren superordenagailu kuantikoen sareko munduko seigarrena, errealitate bihurtuko da 2025eko bigarren seihilekoan.
Alde horretatik, gogoratu behar da Euskadik urratsak eman dituela bikaintasuneko ikerketan; Zientziaren Euskal Sareak eta IBM Researchek elkarrekin abiatu dituzte proiektuak. Prestakuntzari dagokionez, trebakuntza-programak garatzen ari dira ikertzaile, industria, unibertsitate-hezkuntza eta lanbide-heziketarako. Izan ere, programa horietan, 80 euskal ikertzaile trebatu dira konputazio kuantikoan.
Kongresuak lehen aldiz –martxoaren 9an, osteguna– saio bat egingo du Forum Industrialaren atalean. Bertan, IBMren eta Euskal Zientzia Sistemaren arteko lankidetzaren ondorioz garatutako jarduera nagusiak eta lortutako emaitzak jorratuko dira, IBM Researcheko Jay Gambetta aditu ezagunaren zuzendaritzapean.
Programa osoa esteka honetan dago eskuragarri:
https://www.quantumconf.eu/2024/program.php?d=06