Koreako Fisika Elkarteko ordezkaritza bat DIPCn izan da, eta tailer zientifiko bateratu batean parte hartu du
Otsaila 06, 2025Suklyun Hong Koreako Fisika Elkarteko (KPS) presidenteak eta Ricardo Diez Muiño DIPCko zuzendariak ekitaldiaren sarrera-hitzaldiak egin zituzten, eta KPSko eta DIPCko ikertzaile batzuen disertazio zientifikoak ere entzun ahal izan ziren.

Suklyun Hong KPSko presidentea eta Ricardo Diez Muiño DIPCko zuzendaria, KPS eta DIPCko ikertzaileekin, denek egindako tailerrean.
Koreako Fisika Elkarteko (KPS) ordezkaritza bat Donostia International Physics Centerren (DIPC) izan da, eta bi erakundeen arteko lankidetza-aukerak aztertzeko tailer bateratu batean parte hartu du.
KPSko presidente eta Sejong Unibertsitateko kide Suklyun Hongek eman zion hasiera saioari; batetik, Koreako egitura zientifikoaren ikuspegi orokorra eman zuen, eta, bestetik, bi dimentsioko van der Waals-en heteroegituren azterketa teorikoa aurkeztu. Ondoren, DIPCko zuzendari Ricardo Diez Muiñok DIPCn egiten den ikerketa zientifikoaren berri eman zuen.
DIPCko eta KPSko zenbait ikertzailek aurkezpen labur batzuk egin zituzten goizean, DIPCko komunitate osoari zuzenduak, eta, gero, arratsaldean, hizlarien arteko mahai-inguru bat ere izan zen.
DIPC eta Korearen arteko elkarlana ez da gaurkoa. 2018an, DIPCk elkar ulertzeko memorandum bat sinatu zuen Seulgo Nanozientzia Kuantikoko Zentroarekin (QNS). Oinarrizko ikerketa zentro honen ardatza eskala atomikoko gainazalen gaineko espinak dira.
Zientzia kuantikoan QNSk egindako ekarpenen artean daude 2023ko “lehen qubit korearra” eta inoiz ez bezalako bereizmen espaziala duen sentsore kuantiko mugikor bat garatzea, metrologia kuantikoan muga berriak irekiz.
Informazio gehiago: https://dipc.ehu.eus/eu/aktualitatea/albisteak/koreako-fisika-elkarteko-ordezkaritza-bat-dipcn-izan-da-eta-tailer-zientifiko-bateratu-batean-parte-hartu-du?set_language=eu